Trebatu programak lehen sektoreko ekintzaileei laguntza eskaintzen die
Lehen sektorean ekitea erronka handia da: ustiategi bat martxan jartzea ez da soilik lan fisikoa, baizik eta enpresa baten kudeaketa osoa eskatzen du, arlo ekonomiko, juridiko eta teknikoak barne.
Horixe da, hain zuzen ere, Trebatu programaren helburua: lehen sektorean bere etorkizuna ikusten duten gazteei eta ekintzaileei laguntza osoa eskaintzea, baserri proiektu bideragarriak eta jasangarriak sortu eta indartzeko.
Programaren bidez, trebalariak ez dira bakarrik geratzen beren bidean, baizik eta formakuntza, aholkularitza eta mentoretza jasotzen dituzte ustiategi bat martxan jarri eta kudeatzeko. Mentore figurak –gehienetan ustiategiko titularrak berak– funtsezko zeregina du: eguneroko jardunean sortzen diren zalantzak eta arazo praktikoak argitzen laguntzen du, eta trebalaria sektorean txertatzen laguntzen du. Horrela, baserriko lanaren errealitatea zuzenean ezagutzeko aukera dute.
Horrez gain, Abelur eta Lurgintza gestio-etxeek aholkularitza teknikoa eskaintzen diete, ezinbestekoa baita baserria enpresa gisa aurrera eramateko. Trebalariek laguntza jasotzen dute, besteak beste, arlo ekonomikoan, kudeaketa juridikoan eta administrazio-lanetan, beren proiektuak sendotzeko.
Formakuntza espezifikoa Fraisoro Nekazaritza Eskolan ematen da, eta bi atal ditu: alde batetik, enpresa baten kudeaketari buruzko prestakuntza orokorra, eta bestetik, sektore bakoitzeko formazio teknikoa (abeltzaintza, baratzagintza, frutagintza…). Guztira, 797 orduko prestakuntza jasotzen dute trebalari horiek, ikasketak eta ustiategian egindako lana uztartuz. Modulu bakoitzean sektorean esperientzia duten profesionalak aritzen dira irakasle, ezagutza praktikoa eta benetako kasuak ekarriz.
Ekintzailetzaren oinarriak ere lantzen dira programan: negozio bat abiarazteko eman beharreko pausoak, planifikazioa eta bideragarritasuna aztertzen dira, eta trebalari bakoitzaren egoerari egokitutako kasu praktikoak erabiltzen dira. Horrela, ikasitakoa zuzenean aplikatu ahal izaten dute beren proiektuetan.
Trebaturen azken helburua argia da: prozesua amaitzean, trebalariak baserritar osoak eta prestatuak izatea, beren ustiategia kudeatzeko eta etorkizunari begira proiektu sendo eta jasangarriak garatzeko gai izango direnak.
